Oinarriak

Elhuyarrek eta DIPCk ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren 7. edizioa antolatu dute, zientzia eta teknologia dibulgatzeko. Teknopolis zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako telebista-programaren barruan eratu da lehiaketa.

Jaitsi BIDEO-LEHIAKETAREN OINARRIAK 7. ed (235 kB)

Publiko-mota guztientzako baliagarriak diren zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur eta originalen ekoizpena eta difusioa bultzatzea da lehiaketaren helburua. Gaia guztiz askea da: norberaren edo besteren ikerketak, gizartean edo komunitate zientifikoan puri-purian dauden gaiak, norberaren grina zientifikoak edo teknikoak, zientziaren oinarrizko kontzeptuak, zientziaren mugarriak, pertsonaia historikoak, etorkizuneko edo iraganeko zientzia eta abar.

Parte hartzeko baldintzak

Adin eta nazionalitate guztietako herritarrek har dezakete parte lehiaketan. Bertakoak edo kanpokoak izan daitezke partaideak, mundu osoko ikerketa-komunitatea barne hartuta. Taldeka nahiz banaka hartu daiteke parte.

Partaide guztiek bete behar dute www.onzientzia.tv web-orrian eskuragarri dagoen inskripzio-fitxa. Eremu guztiak nahitaez bete behar dira, eta horietako bat behar bezala betetzen ez bada, partaidea edo taldea lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea du erakundeak.

Izena emateko epea 2016ko urriaren 19tik 2017ko apirilaren 26ra bitarte izango da zabalik. Epez kanpo aurkeztutako bideo guztiak automatikoki geratuko dira lehiaketatik kanpo.

Bideoen aurkezpena

Bost minutu baino gutxiago irauten duen bideo labur bat aurkeztu behar dute lehiaketako partaideek, gai zientifiko edo teknologiko bati buruzkoa betiere, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez.

Bideoak originala, ez-komertziala, telebistan emititu gabea, eta, jakina, dibulgatzailea izan behar du. Horretarako, partaideek (indibiduala nahiz taldea) elementu artistikoak, musika, irudiak edo egoki deritzoten bestelako edozein erabil dezakete.

www.onzientzia.tv web-orriaren bidez aurkeztu behar dira bideoak, 2016ko urriaren 19tik 2017ko apirilaren 26ra.

Komenigarria da —baina ez derrigorrezkoa— bideoak 16:9 formatuan egitea; izan ere, horixe da Teknopolisen formatua, eta bideo nabarmenenak eta sarituak programan emititu ahal izango dira.

Teknopolisen emisioak irauten duen hilabeteetan —urritik ekainera—, hainbat pertsonaia ezagunek beren iritziz onena den bideoa aukeratuko ahal izango dute. Gonbidatuek aukeratutako bideoak ere Teknopolis programan emititu ahal izango dira.

Bideo guztiak www.onzientzia.tv web-orrian jarri eta ikusgai izango dira.

Sariak

Epaimahaiak hiru sari emango ditu:

  • Dibulgaziozko bideo onenaren saria: 3.000 euro
  • Euskarazko bideo onenaren saria: 2.000 euro
  • Gazte saria (18 urtetik beherakoentzat): 1.000 euro

Euskarazko bideo onenaren saria euskaraz aurkeztutako bideo onenari emango zaio, baldin eta dibulgaziozko bideo onenaren saria lortu ez badu.

Gazte saria 18 urtetik beherako gazteek egindako bideo onenari emango zaio, baldin eta beste bi sarietako bat lortu ez badu. DBH eta Batxilergoko ikasleen parte hartzea
bultzatzea da sari honen helburua.

Aurkeztutako bideoek ezingo dute sari bat baino gehiago jaso. Ezaugarri aipagarriak dituztela eta bideo batzuek aipamen berezia merezi dutela uste bada, antolaketa-batzordeak haiei sari berezia emateko eskubidea du.

Sari-banaketa 2017ko maiatzean izango da, eta Teknopolisen programa berezi batean izango da ikusgai. Sari-banaketaren ekitaldian ikusgai jarriko dira bideo irabazleak, eta epaimahaikideek epaiaren berri emango dute.

Epaimahaikideak

Antolaketa-batzordearen eginkizuna da epaimahaikideak izendatzea. Epaimahaia bost lagunek osatuko dute, eta 2017ko hasieran jakingo da zein diren.

Epaimahaikideek, lehenbiziko aldiz biltzen direnean, lehiaketan parte hartuko duten bideoak puntuatu eta baloratzeko irizpideak ezarriko dituzte. Nolanahi ere, bikaintasun teknikoa baino gehiago bideoaren dibulgazio-ahalmena, sormena eta interesa izango ditu kontuan epaimahaiaren erabakiak. Bestela esanda, gehiago oinarrituko da balorazioa edukian haren estalkian baino. Nolanahi ere, epaimahaikideen erabakia apelaezina izango da.

Epaimahaiak eman gabe utz dezake sari horietatik edozein.

Harremanetarako

Zalantzarik baduzu, jar zaitez harremanetan antolatzaileekin:

Manex Urruzola
elhuyar
Telefonoa: 943363040
on@elhuyar.com

Lege-baldintzak

DIPC eta Elhuyar ez dira materiala bidaltzean, birusak edo bestelako arrazoiak direla eta, sor daitezkeen jazoeren erantzule.

Oinarri hauek onartzea nahitaezkoa da lehiaketan parte hartzeko, eta, beraz, sariak irabazi ahal izateko. Partaideren batek oinarrietan ezarritako baldintzak ez baditu betetzen, lehiaketatik kanpo geldituko da, automatikoki.

Lehiaketara aurkeztutako partaidea ez den beste egile batek beste hizkuntza batean egindako bideo baten edo bideo horretan oinarritutako lan baten itzulpen hutsak diren bideoak ez dira onartuko. Nolanahi ere, bideoaren edukia lehiaketan onartutako hizkuntza batera itzultzen lagun dezakete hirugarrenek.

Bideoan musika erabiltzen bada, musika horren ustiapen-eskubideek lehiaketako partaidearenak behar dute izan osoki, legez eta esklusiboki. Partaidearen erantzukizuna da baldintza hori betetzea. DIPC eta Elhuyar baldintza hori ez betetzeak ekar ditzakeen erantzukizunetatik libre gelditzen dira.

Egile-eskubideak

Lehiaketara hirugarrenen jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideak urratzen dituen materialik ez dutela aurkeztuko bermatu behar dute partaideek. Horrenbestez,  partaideek auzi horretatik kanpo utzi behar dituzte DIPC eta Elhuyar. Hortaz, partaideek hirugarrenen eskubideei buruzko arauak ez badituzte betetzen edo arau-hausteren bat
egiten badute, DIPC eta Elhuyar ez dira horren erantzule egingo. Lehiaketako partaideari dagokio DIPC eta Elhuyar ardura horretatik salbuestea.

Lehiaketako partaideek DIPC eta Elhuyarri uzten diote aurkeztutako bideoak ustiatzeko eskubidea non sartzen diren bideoa erabili, zabaldu, banatu, eman, publikoki komunikatu eta Internet edo bestelako ikus-entzunezko baliabide baten bidez dibulgatu, erreproduzitu eta erakusteko eskubideak. Halaber, DIPC eta Elhuyarrek bideoa eraldatu egin dezakete, muntaia laburragoak egiteko edo beste bideo batzuekin batera editatzeko. Lagapen hori dohainik eta modu ez-esklusiboan egingo da, mundu osorako.

Bestalde, hautatutako eta jasotako lanak sustapenerako eta/edo hedapenerako erabiltzeko eskubidea dute antolatzaileek. Bideoak atal honetan zerrendatu ez diren xedeetarako erabiltzeko, egilearen baimena behar da.

Ez dira onartuko hirugarrenen jabego intelektualaren edo industrialaren eskubideak urratzen dituzten bideoak. Era berean, bideoek ez dute pertsona fisiko edo juridikoen jabegoa, osotasuna edo irudi ona kaltetu behar.

Aurkeztutako bideoak ustiatzeko eskubidea lagatzeagatik, DIPCek eta Elhuyarrek eskubidea dute bideoak Internet edo bestelako ikus-entzunezko baliabide baten bidez zabaltzeko edo argitaratzeko, baina ez daude horretara behartuak.

Lehiaketa amaitu ondoren, erakundeak egoki deritzen bideoak eskuragarri egongo dira www.onzientzia.tv helbidean eta DIPC eta Elhuyarren zientziaren dibulgaziorako web-orrietan, antolatzaileek egoki deritzoten arte.

Azken klausulak

Lehiaketan parte hartzeko ezinbestekoa da klausula hauek onartzea.

Oinarrietan jasotzen ez diren gaiei dagokienez, DIPC eta Elhuyarrek izango dute erabakitzeko eskubidea.

Arazoa teknikoak direla eta ikus ezin daitezkeen bideoen erantzule ez dira antolatzaileak.

Epaimahaikideek ezin dute lehiaketan parte hartu. Era berean, ezin dute parte hartu lehiaketaren antolaketan aritu direnek, hala nola DIPC eta Elhuyarreko langileek.

DIPC eta Elhuyar ez dira egingo beren kontrolpetik kanpo dauden, edo sareko operadore, zerbitzu-emaile bitartekari edo hirugarrenek sortutako jazoera hauen erantzule: galerak edo atzerapenak, etenaldiak, funtzionamenduaren eskuragarritasun edo jarraitutasun eza, transmisio-arazoak, informazioaren galera, iruzurra, sareko akatsak, softwarearen funtzionamendu-arazoak, sarrera-, komunikazio- edo erantzun-akatsak, lehiaketaren aldaketak eta abar.

DIPC eta Elhuyarrek eskubidea dute dokumentu ofizialen bidez (NAN, gidabaimena eta abar) lehiaketako partaideen nortasunari buruzko egiaztapenak egiteko.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatzen dena betez, zure datu pertsonalak “PARTE-HARTZAILEAK” fitxategian sartuko direla aitortzen dugu. Horren helburua da komunikazioa, ikerketa eta zientziaren dibulgazioa. Datu horiek marketin-enpresei, epai-mahaikideei zein babesleei lagako zaizkie.

Fitxategia Datuak Babesteko Agentzian erregistratu dugu, eta datuen segurtasuna bermatzeko neurriak ezarri ditugu.

Fitxategiaren erantzulea ELHUYAR bera da, eta, nahi izanez gero, aipatutako Legean aurreikusitako sarbide-, zuzenketa-, ezeztapen- eta aurkaritza-eskubideak balia ditzakezu;  horretarako, eskaera bat bidali behar duzu datuensegurtasuna@elhuyar.com helbidera, NANaren kopiarekin edo nortasuna egiaztatzeko beste agiri batekin batera.