Oinarriak

Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren 12. edizioa antolatu dute, zientzia eta teknologia dibulgatzeko. Teknopolis zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako telebista-programaren barruan eratu da lehiaketa.

Lehiaketaren helburua da bultzatzea zientzia eta teknologiaren balio positiboak eta garapenekoak sustatzen dituzten bideo labur eta originalen ekoizpena eta difusioa, publiko mota guztientzako baliagarri izan daitezen. Gaia guztiz askea da: norberaren edo besteren ikerketak, gizartean edo komunitate zientifikoan puri-purian dauden gaiak, norberaren grina zientifikoak edo teknikoak, zientziaren oinarrizko kontzeptuak, zientziaren mugarriak, pertsonaia historikoak, etorkizuneko edo iraganeko zientzia eta abar.

Parte hartzeko baldintzak

Adin eta nazionalitate guztietako herritarrek har dezakete parte lehiaketan. Bertakoak edo kanpokoak izan daitezke partaideak, mundu osoko ikerketa-komunitatea barne hartuta. Taldeka nahiz banaka hartu daiteke parte.

Partaide guztiek bete behar dute www.onzientzia.tv web-orrian eskuragarri dagoen inskripzio-fitxa. Eremu guztiak nahitaez bete behar dira, eta horietako bat behar bezala betetzen ez bada, partaidea edo taldea lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea du erakundeak.

Izena emateko epea 2021eko urriaren 27tik 2022ko apirilaren 27ra bitarte izango da zabalik. Epez kanpo aurkeztutako bideo guztiak automatikoki geratuko dira lehiaketatik kanpo.

Bideoen aurkezpena

Bost minutu baino gutxiago irauten duen bideo labur bat aurkeztu behar dute lehiaketako partaideek, gai zientifiko edo teknologiko bati buruzkoa betiere, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez.

Bideoak originala, ez-komertziala, telebistan emititu gabea, eta, jakina, dibulgatzailea izan behar du. Horretarako, partaideek (indibiduala nahiz taldea) elementu artistikoak, musika, irudiak edo egoki deritzoten bestelako edozein erabil dezakete.

Komenigarria da —baina ez derrigorrezkoa— bideoak 16:9 formatuan egitea; izan ere, horixe da Teknopolisen formatua, eta bideo nabarmenenak eta sarituak programan emititu ahal izango dira.

Bideoek genero-ikuspegia kontuan har dezatela gomendatzen da, bai hizkuntza eta irudien erabilerari dagokionean, eta baita edukiari dagokionean ere.

Bideo guztiak www.onzientzia.tv web-orrian jarri eta ikusgai izango dira.

Sariak

Epaimahaiak hiru sari emango ditu:

  • Dibulgaziozko bideo onenaren saria: 3.000 euro
  • Euskarazko bideo onenaren saria: 2.000 euro
  • Gazte saria (18 urtetik beherakoentzat): 1.000 euro

Epaimahaiaren sariez gain, www.onzientzia.tv webgunean aldeko boto gehien jasotzen dituen bideoak jasoko du publikoaren saria: garaikurra eta bi lagunentzako afaria eta gaua Donostiako hotel batean, sari-banaketa ekitaldiarekin bat eginez. Publikoaren sariari botoa emateko webgunean erregistratzen direnen artean ere beste sari bat zozkatuko da: bi lagunentzako afaria eta gaua Donostiako hotel batean.

Euskarazko bideo onenaren saria euskaraz aurkeztutako bideo onenari emango zaio, baldin eta dibulgaziozko bideo onenaren saria lortu ez badu (azken kasu horretan, euskaraz aurkeztutako bigarren bideo onenari emango zaio euskarazko bideo onenaren saria).

Gazte saria 18 urtetik beherako gazteek egindako bideo onenari emango zaio, baldin eta beste bi sarietako bat lortu ez badu (azken kasu horretan, 18 urtetik beherako gazteek aurkeztutako bigarren bideo onenari emango zaio gazte saria). DBH eta Batxilergoko ikasleen parte hartzea bultzatzea da sari honen helburua.

Ezaugarri aipagarriak dituztela eta bideo batzuek aipamen berezia merezi dutela uste bada, antolaketa-batzordeak haiei sari berezia emateko eskubidea du.

Sari-banaketa 2022ko ekainean izango da, eta Teknopolisen programa berezi batean izango da ikusgai. Sari-banaketaren ekitaldian ikusgai jarriko dira bideo irabazleak, eta epaimahaikideek epaiaren berri emango dute.

Epaimahaikideak

Antolaketa-batzordearen eginkizuna da epaimahaikideak izendatzea. Epaimahaia bost lagunek osatuko dute.

Epaimahaikideek lehiaketan parte hartuko duten bideoak puntuatu eta baloratzeko irizpideak ezarriko dituzte. Nolanahi ere, bikaintasun teknikoa baino gehiago bideoaren dibulgazio-ahalmena, sormena eta interesa izango ditu kontuan epaimahaiaren erabakiak. Bestela esanda, gehiago oinarrituko da balorazioa edukian haren estalkian baino. Nolanahi ere, epaimahaikideen erabakia apelaezina izango da.

Epaimahaiak eman gabe utz dezake sari horietatik edozein.

Harremanetarako

Zalantzarik baduzu, jar zaitez harremanetan antolatzaileekin:

Manex Urruzola
Elhuyar
Telefonoa: 943363040
on@elhuyar.eus

Lege-baldintzak

DIPC eta Elhuyar ez dira materiala bidaltzean, birusak edo bestelako arrazoiak direla eta, sor daitezkeen jazoeren erantzule.

Oinarri hauek onartzea nahitaezkoa da lehiaketan parte hartzeko, eta, beraz, sariak irabazi ahal izateko. Partaideren batek oinarrietan ezarritako baldintzak ez baditu betetzen, lehiaketatik kanpo geldituko da, automatikoki.

Lehiaketara aurkeztutako partaidea ez den beste egile batek beste hizkuntza batean egindako bideo baten edo bideo horretan oinarritutako lan baten itzulpen hutsak diren bideoak ez dira onartuko. Nolanahi ere, bideoaren edukia lehiaketan onartutako hizkuntza batera itzultzen lagun dezakete hirugarrenek.

Bideoan musika erabiltzen bada, musika horren ustiapen-eskubideek lehiaketako partaidearenak behar dute izan osoki, legez eta esklusiboki. Partaidearen erantzukizuna da baldintza hori betetzea. DIPC eta Elhuyar baldintza hori ez betetzeak ekar ditzakeen erantzukizunetatik libre gelditzen dira.

Egile-eskubideak

Lehiaketara hirugarrenen jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideak urratzen dituen materialik ez dutela aurkeztuko bermatu behar dute partaideek. Horrenbestez, partaideek auzi horretatik kanpo utzi behar dituzte DIPC eta Elhuyar. Hortaz, partaideek hirugarrenen eskubideei buruzko arauak ez badituzte betetzen edo arau-hausteren bat egiten badute, DIPC eta Elhuyar ez dira horren erantzule egingo. Lehiaketako partaideari dagokio DIPC eta Elhuyar ardura horretatik salbuestea.

Lehiaketako partaideek DIPC eta Elhuyarri uzten diote aurkeztutako bideoak ustiatzeko eskubidea non sartzen diren bideoa erabili, zabaldu, banatu, eman, publikoki komunikatu eta Internet edo bestelako ikus-entzunezko baliabide baten bidez dibulgatu, erreproduzitu eta erakusteko eskubideak. Halaber, DIPC eta Elhuyarrek bideoa eraldatu egin dezakete, muntaia laburragoak egiteko edo beste bideo batzuekin batera editatzeko. Lagapen hori dohainik eta modu ez-esklusiboan egingo da, mundu osorako.

Bestalde, hautatutako eta jasotako lanak sustapenerako eta/edo hedapenerako erabiltzeko eskubidea dute antolatzaileek. Bideoak atal honetan zerrendatu ez diren xedeetarako erabiltzeko, egilearen baimena behar da.

Ez dira onartuko hirugarrenen jabego intelektualaren edo industrialaren eskubideak urratzen dituzten bideoak. Era berean, bideoek ez dute pertsona fisiko edo juridikoen jabegoa, osotasuna edo irudi ona kaltetu behar.

Aurkeztutako bideoak ustiatzeko eskubidea lagatzeagatik, DIPCek eta Elhuyarrek eskubidea dute bideoak Internet edo bestelako ikus-entzunezko baliabide baten bidez zabaltzeko edo argitaratzeko, baina ez daude horretara behartuak.

Lehiaketa amaitu ondoren, erakundeak egoki deritzen bideoak eskuragarri egongo dira www.onzientzia.tv helbidean eta DIPC eta Elhuyarren zientziaren dibulgaziorako web-orrietan, antolatzaileek egoki deritzoten arte.

Azken klausulak

Lehiaketan parte hartzeko ezinbestekoa da klausula hauek onartzea.

Oinarrietan jasotzen ez diren gaiei dagokienez, DIPC eta Elhuyarrek izango dute erabakitzeko eskubidea.

Arazoa teknikoak direla eta ikus ezin daitezkeen bideoen erantzule ez dira antolatzaileak.

Epaimahaikideek ezin dute lehiaketan parte hartu. Era berean, ezin dute parte hartu lehiaketaren antolaketan aritu direnek, hala nola DIPC eta Elhuyarreko langileek.

DIPC eta Elhuyar ez dira egingo beren kontrolpetik kanpo dauden, edo sareko operadore, zerbitzu-emaile bitartekari edo hirugarrenek sortutako jazoera hauen erantzule: galerak edo atzerapenak, etenaldiak, funtzionamenduaren eskuragarritasun edo jarraitutasun eza, transmisio-arazoak, informazioaren galera, iruzurra, sareko akatsak, softwarearen funtzionamendu-arazoak, sarrera-, komunikazio- edo erantzun-akatsak, lehiaketaren aldaketak eta abar.

DIPC eta Elhuyarrek eskubidea dute dokumentu ofizialen bidez (NAN, gidabaimena eta abar) lehiaketako partaideen nortasunari buruzko egiaztapenak egiteko.

Sarituen irudia erabiltzeko baimena

Oinarri hauek onartuta, saria jasotzen duten parte-hartzaileek baimena ematen diote Elhuyarri eta DIPCri (i) beren irudia eta izena erabiltzeko; eta (ii) gaur egun ezagutzen diren baliabide tekniko guztien bidez erreproduzitzeko, edozein euskarri ukigarri edo ukiezinetan. Horren guztiaren helburua lehiaketaren emaitza argitaratzea eta haren edukia zabaltzea da, eta ez da horregatik eskubiderik izango inolako kontraprestaziorik edo konpentsaziorik jasotzeko.

Erabilera baimendu horien barruan sartzen da parte-hartzaile sarituen irudia eta izena argitaratzea Elhuyarren eta/edo DIPCren titulartasuneko edo kontrolpeko webguneetan, eta halaber erakundeok sare sozialetan dituzten profil korporatiboetan.

Datu pertsonalen babesa

Parte-hartzaileek emandako datu pertsonalak Elhuyarrek eta DIPCk tratatuko dituzte, erantzukizun partekatuaren araubidean (aurrerantzean, “TRATAMENDUAREN ARDURADUNAK”), lehiaketako parte-hartzea kudeatzeko eta, hala badagokio, saritutako parte-hartzaileei dagozkien sariak banatzeko eta hartzeko modua kudeatzeko. Horretan guztian, oinarritzat hartuko dira interesdunak berak eskatuta aplikatutako kontratu aurreko neurriak eta/edo oinarri hauek onartzean alderdien artean ezartzen den kontratua.

Legezko betebeharrak betetzearren jakinarazpen hori egin behar zaien entitate edo erakunde publikoei soilik jakinaraziko zaizkie aipatutako datu pertsonalak.

Ez dago aurreikusia datu horien nazioarteko transferentziarik egiterik.

Testuinguru horretan, aditzera ematen da datu pertsonal horiek ematea beharrezkoa dela eta kontratuzko baldintza dela, datu horiek eman gabe ezinezkoa bailitzateke lehiaketako zure parte-hartzea kudeatzea.

Era berean, eta osagarri gisa, oinarri hauek onartzean, parte-hartzaileek baimena ematen dute beren izena eta/edo irudia argitaratzeko, aurreko klausulan ezarritako moduan, saririk jasotzen badute.

TRATAMENDUAREN ARDURADUNEK lehiaketa behar bezala kudeatzeko behar-beharrezkoa den denboran soilik gordeko dituzte datu pertsonalak, eta, behar izango balitz, beren legezko betebeharrak betetzeko behar duten kontserbazio-epe gehigarrian.

Kasu guztietan, parte-hartzaileek eskubidea dute (i) beren datu pertsonaletarako irispidea izateko, datuak zuzentzeko, ezeztatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunerako, tratamenduari aurka egiteko edo baimena atzera botatzeko, hala dagokionean, datuensegurtasuna@elhuyar.eus helbidera idatziz eskaera eginda; eta (ii) Datuen Babeserako Espainiako Agentziaren edo beste edozein Kontrol Agintaritza eskudunen aurrean erreklamazio bat aurkezteko, bereziki eskubide horiek behar bezala gauzatu ezin izan dituztenean.